XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Komunean txukundu nintzen pittin bat eta logelako ohea egin nuen.

Sukaldean niretzako prestaturik zeukaten gosaria: kafe beroa termo batean eta esnea.

Gurina, mermelada eta gailetak.

Bertan gosaldu nuen lasai asko eta ostatura jaitsi nintzen, ene gelara.

Dutxa bat hartu nuen, arropaz aldatu eta kalera atera nintzen.

Denbora etengabe aurrera joan denez, ezin dut orain gogoratu nola edo zertan pasatu nuen eguna.

Harat-honat ibiliko nintzen seguraski, leku ezezagunak bisitatzen.

Gauza da ezustekorik ez zitzaidala egun hartan gertatu, bestela gogoratuko nintzatekeen dudarik gabe.

Arratsaldean ostatura erretiratu nintzen, eta irakurtzen eman nituen pare bat ordu.

Zortzietan puntu-puntuan doña Luisak jo zuen, kas-kas, nire logelako atean: Bisita duzu, esan zidan eta atea zabaldu zenean Marijo azaldu zitzaidan, beti bezain alai eta irribarretsu.

Alde Zaharretik ibili ginen biok bueltaka baxoerdiak hartzen.

Erruz zebilen jendea kale estu haietan, tabernetan sartu-ateratzen, animazio izugarria aurkitu nuen auzo hartan.

Bospasei baxoerdi hartuko nituen eta gero haietako taberna batek zeukan jangelara sartu ginen zerbait afaltzera: entsalada eta segidan ordurarte ezagutzen ez nuen arrain mota bat atera ziguten.

Afaria bukatu eta pub batean gin-tonic pare bat hartu genuen.

Etxerako bidean ez genuen ezer aipatzerik behar izan: zuzenean igo nintzen bere pisura, laugarren pisuko ostatuan geratu beharrean.

Eta behin bere etxean, ezer esan gabe, normal eta ohikoa bailitzan, zuzenean sartu ginen bere logelara.

Egia esan, nahiko zorabiaturik iritsi nintzen.

Ardo gehiegi edan nuen taberna haietan eta seguraski ez zen kalitaterik onenetakoa izango.

Eta urdaila gehiago nahastearren gin-tonic pare hark ere zerbait lagunduko zuen.

Gauza da ohean etzan orduko burua, eta buruarekin batera ohea eta gero logelako gauza guztiak, bueltaka hasi zitzaizkidala.

Marijo ohean sartuta zegoen nire ondoan ordurako.